Biografia

(Wikipediatik)

BiografiaSorkun

Sorkun —jaiotzako izen-deiturez Sorkunde Rubio— (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) euskal abeslaria eta musikaria da. Bakarka lau disko egin ditu, baina 1990eko hamarkadan famatu zen Kashbad taldeko abeslari izateagatik. Ondoren Negu Gorriak, Joxe Ripiau eta Flitter taldeekin jo zuen. Fermin Muguruzarekin batera abestu du hainbat disko eta kontzertutan.

Bizitza

Hamazazpi urterekin hasi zen Sorkun Kashbad taldean abesten, eta berehala haren ahotsa nabarmendu zen. Hain zuzen, taldeak lehen diskoa grabatu aurretik, Negu Gorriaken Ideia zabaldu (Esan Ozenki, 1995) diskoan kolaboratu zuen Sorkunek, Aizu kantuan abestuz. Hurrengo urteetan hiru disko grabatu zituen Kashbadekin —Kashbäd (Esan Ozenki, 1996), Distantzia (Esan Ozenki, 1997) eta Hesiak (Esan Ozenki, 1999)—, harik eta 2000. urtean taldea desegin zen arte.

Ordurako Sorkunen izena ezaguna zen Euskal Herriko rock zaleen artean, eta Fermin Muguruzak, Negu Gorriak desegin ondoren, FM 99.00 Dub Manifest (Esan Ozenki, 2000) bere bakarkako bigarren diskoan parte hartzera gonbidatu zuen. Geroztik, Muguruzaren taldeetako korista izan zen Sorkun.

Muguruzak berak bultzatu zuen bakarkako ibilbidea hastera. Horrela, FM 99.00 Dub Manifest aurkezteko munduan zehar egindako biran konposatu zituen Sorkunek Onna (Metak, 2002) bere lehen diskoko kantuak. Kantuen sortze prozesuan Xabi Strubell (Dut, Zura) eta Gorka Sesma (Kashbad) gitarra jotzaileak eta Fermin Muguruza izan zituen ondoan. Haiekin kantuen nondik norakoak finkatu ondoren, entsegu lokaleko lanean murgildu zen beste talde bat osatu zuela horretarako. Stoner rock eta hip hop eta elektronikako taldeetan (Neubat, Exale, Atomoog…) aritutako lau musikari aukeratu zituen Sorkunek: Kanda (gitarra), Atxus (baxua), Iker (programazioak) eta Home (bateria). Horiek osatu dute hurrengo diskoetako bizkarrezurra ere. Hortaz, rock soinu gogorra zuen Sorkunen bakarkako lehen diskoak. Horrela zioen Metak diskoetxearen prentsa oharrak:

« Sorkunek patroiak ez ditu gustuko, ez da estilo itxien lagun eta horrela kantuak ez dira plano batean bakarrik mugitzen, aberatsak dira, ñabardurez beterikoak. Arazo edo konplexu handirik gabe egiten dute stoner eta hardcore eta rock eta pop eta bestelakoen arteko bidaia, kantuaren arabera lan egiten dute, kantuak eskatzen duena gehitu edo kenduz”. Diskoaren izenburuak “emakume” esan nahi du japonieraz. Hain zuzen, kantuetarako hitz asko Japonian idatzi zituen Sorkunek, eta haiku poemen antzeko egitura dute.  »

Fermin Muguruzaren Kontrabanda taldearekin aritu zen hurrengo urteetan, eta bitartean bigarren diskoan pentsatzen hasi zen. Tarte horretan, surfari buruzko film baterako musika sortzeko eskaintza jaso zuen Sorkunek, eta horretan hasi zen lanean. Haatik, filmaren proiektua bertan behera geratu zen, baina egindako zirriborroak bere bigarren diskorako baliatzea erabaki zuen.

Duna-n (Metak-Kontrakalea, 2005) beste bide bat hartu zuen abeslari gipuzkoarrak, eta musika elektronikora, ragga eta drum&bass-era jo zuen, rockarekin uztartuta. Kantuak ordenagailuz sortu zituen, beste musikariekin entsegu lokalean egin beharrean. Libe Garcia de Cortazar (teklatua; Neubat) eta Igor Ruiz (saxofoia; Fermin Muguruza, Esne Beltza) sartu ziren taldean, soinuari beste ñabardura batzuk emanez. Diskoak oihartzun handia izan zuen, batez ere Non zaude???, Heldu nazazu eta Aretha Franklinek ezagun egindako Rescue me kantuaren bertsioari esker.

Sorkunen lanak PIAS diskoetxearen interesa piztu zuen, eta hirugarren diskoa argitaratzeko eskaintza egin zion multinazional horrek. Baliabide gehiagorekin egin ahal izan zuen lan. Kaliforniara joan zen Sorkun & Vice Presidentes (2008) grabatzera, Robert Owen ekoizlearekin. Vice Presidentes taldearen laguntzaz, rock ilun eta lehorrera itzuli zen Sorkun.

« Duna-rekin oso nekatuta bukatu nuen, zailtasun handikoa zelako. Jende asko ginen eta errepertoriora ez zen batere erraza. Pop abestiak, rock abestiak, saxo, teklatua…. Biraren amaieran konturatu nintzen abesti zaharrekin pasatzen nuela ondoen, rock kantuekin zoratzen nintzela gehien”  »
—Berria, 2008ko martxoaren 5a

Diskoa promozionatzeko elkarrizketetan, diskogintzarekiko kritiko azaldu zen Sorkun, eta garrantzitsuena kontzertuetan aritzea zela aldarrikatu zuen. Azken urteetan, bide horretatik jo zuen. Ez zuen disko berririk atera, baina kontzertuak ematen jarraitu zuen, formatu akustikoan, kantu propioak eta blues kantarien (Skip James, J. B. Lenoir, Howlin’ Wolf, Shemekia Copeland) bertsioak eginez. Gorka Sesma gitarran (Kashbad), Tanausu Santana baxuan eta Juanma Urriza baterian izan zituen lagun kontzertu horietan.

Gerora, 2013an, Ihes Puntua. Aitzol Gogortza preso lagunari, musika, gutuna, bertsoak ekimenerako Okila abestia ondu zuten Kashbadeko kideek, eta hori akuilu bat izan zen doinu berriak sortzen hasteko. Sorkun Rubio (ahotsa), Gorka Sesma (gitarra), Gorka Lazkano (baxua) eta Haritz Beristain Txiki (bateria) berriro elkartu ziren, eta 2014an Arrakala (Bonberenea) kaleratu zuten.

Urte berean, mixtape berezia landu zuen Sorkunek DJ Patarekin: Turn on the Radio. The mixtape.

2015ean ibilbide berria hastea erabaki du oreretako abeslariak. Ziklomorphosia diskoa kaleratu berri du Fredi Pelaez (teklatuak), Aritz Luzuriaga (baxua), Mikel Romero (gitarra) eta Juanma Urriza (bateria) musikariekin.

Diskografia

Bakarkako lanak

  • Onna (Metak, 2002). CD.
  • Duna (Kontrakalea-Metak, 2005). CD.
  • Sorkun & Vicepresidentes (PIAS 2008). CD.
  • Ziklomorphosia (Srgntx Koop 2015). CD.

Bildumak

  • Gizaki hauskorra, Metak. 2001-2003 (Metak, 2003). CD-liburua.
  • Pistola aluan, Basque Planet (Wagram, 2004). CD.
  • Hator, Gure Irratia (Gure Irratia-Gara, 2005). CD.

Kashbadekin

  • Kashbad (Esan Ozenki, 1996). CD.
  • Distantzia (Esan Ozenki, 1997). CD.
  • Hesiak (Esan Ozenki, 1999). CD.
  • Arrakala (Bonberenea Ekintzak 2014) CD/LP

Sorkun & DJ Pata

Bideoak

Erreferentziak